IbaiGomez
 
       
 
Instagram Ibai Gómez
Facebook Ibai Gómez
 
                EuskeraCastellano
                 
Hasi Biografia Bideoak Argazkiak Prentsa Nire Txokoa Campusa Elkartasuna Web Adiskideak

   
1989ko azaroaren 11n jaio nintzen.

Jaiotzen eta hazten ikusi nindutenetariko askok diote baloia besapean munduratu nintzela.

Artean 4 urterik ere ez nuela
Santutxu FCekin entrenatzen hasi nintzen, eta hor 16 denboraldi egin nituen. Oso harro sentitzen naiz klub horrexek hazi eragin ninduelako, neure betiko auzoko (Santutxu) kluba baita; izan ere, hor igaro dut ia bizitza osoa, eta halaxe da oraindik. Karmelo Ikastolan, Solokoetxen eta Gabriel Aresti institutuan ikasi nuen, eta eskerrak eman behar dizkiet guztiei, irakatsi didaten guztiagatik. Auzo horretan egin ditut nire adiskide handi asko eta asko. Eta, zelan ez ba, baloiari ostikadarik gehien eman dizkiodan lekua ere izan da.

Santutxu FCen egindako 16 denboraldi horietan denetariko uneak bizi izan ditut. Gorputza berandu hazi zitzaidanez, oso une zailak igaro nituen; baina, izan ditudan entrenatzaile guztiei, adiskideei eta, batez ere, familiari esker, oztopoa gainditzen joan nintzen, asko ikasi bainuen denengandik.

Oroitzapen ederrak ere baditut; adibidez, Bizkaiko Txapeldunak izatea Alebinetan, hurrengo urtean berriro izatea, eta Lehenengo urteko Kadeteetan, igotzea; Euskal Ligan 4. sailkatu, eta Euskal Kopako txapeldunak (azken horretan, markatu egin ninduten entrenatzaile birekin, gertaera polit bat eta guzti: Jonan Garcia -sasoi hartan Athletic Clubeko jokalaria- eta Aritza Hormaza, gaur egun entrenatzailekide dudana kategoria berean). Beste urte polit bat Gazte Mailako azkena izan zen: 5. geratu ginen goren mailan, hau da, Ohorezko Gazte Mailan. Urte hori izan zen azkena oinarri-futbolean jokatu nuena, zeren hurrengo urtean, 2008-2009 denboraldian, Erregionaleko Ohorezko Mailan jokatu nuen; hor, oraindik gaur egun Santutxu FC-ko entrenatzailea denaren, Juan Carlos Marco “Marquitos”en, konfiantzak eta lagun guztiek bilakarazi egin ninduten.

Denboraldi horri esker, oso jauzi garrantzitsu bat egin nuen neure karreran:
Sestao Riverrek berebiziko aukera eman zidan, taldea Bigarren B mailakoa zela. Denboraldi latza izan zen, Hirugarren Mailara jaitsi baitzen, baina urte hura ez dut inoiz ahaztuko, zale bikain haiengatik eta Klub benetan handi horrengatik. Denboraldiaren tristeagatik ere, nik neuk asko ere asko ikasi nuen pasatu genituen une zail guzti haietatik, eta entrenatzaile handi bati, Alfonso del Barriori, eta haren laguntzaileei esker.

Eta
2010eko udan bete nuen nire ametsa, hau da, nire betiko klubarekin, Athletic Clubekin, fitxatzea. Urrats hori izan da, ezbairik gabe, nire karrerako garrantzitsuena, amets bat bete baitzitzaidan. Inoiz ez dut berba nahikorik edukiko eskerrak emateko Joaquin Caparros entrenatzaileari eta bere teknikari guztiei, eta Klubeko garai hartako zuzendaritzakoei.

Lehenengo denboraldi-aurrean, hara!, aldagela berean nire idoloekin; sinestezina. Baina harrigarriena izan zen, han topatu nituen hurbiltasuna eta lagunartekotasuna, eta bertan aurkitu nuen familia handi hori. Kirol-egoera hark -talde nagusiaren eta filialaren artean-, Lezaman oinarri-futbolean egiten zen lan ikaragarri ona ezagutzea ahalbidetu zidan.
Bilbao Athleticen ere oso teknikari onekin eta kalitate itzeleko futbolariekin bizi izan naiz. Nire unerik zoriontsuena, Athletic Clubekin Lehen Mailan eta San Mamesen bertan debutatzea izan zen, aldi berean nire egunik mingarriena ere izan arren, larri lesionatu bainintzen zelaira sartu eta hiru minutura.

Zazpi hilabetean egon nintzen jokalekuetatik urrun; baina, horrexegatik hain zuzen, are eta kemen handiagoarekin itzuli nintzen. Hori dela-eta, hemen nabarmendu behar ditut Kluba osatzen duten pertsona guztien sostengua, La Esperanza klinikako langile guztiek (hemen bereziki aipatu behar dut Mikel Sanchez doktorea), Klubeko fisioterapeutak eta suspertzaileek nirekin erakutsi zuten profesionaltasuna eta zale zurigorri guztiek adierazi zidaten txera guztia; hain zuzen ere, horrek guztiak lagundu ninduen, bidean aurkitu nuen oztopo gogor hura errazago gainditzen.

Horrenbestez, bada, behin suspertuta, Ligako azken partidetan jokatu ahal izan nuen eta baita
El Sardineron Taldea Europa Leaguen jokatzeko sailkatu izana ospatu ere. Lorpen horrek, gerora, aurten Europako finala jokatzea ahalbidetu zigun, eta, niri neuri dagokidanez, lehiaketa benetan polit horretan debuta egitea.

Marcelo Bielsak, 2011-12 denboraldi honetako gure entrenatzaileak, lagundu digu halako helburu garrantzitsua jadesten, eta gainera, hori, joko eder eta polita erakutsiaz batera, gomutatik inoiz ezabatuko ez diren kanporaketak jokatzera eraman gintuelarik. Ezin ahaztu, ezta ere, Errege Kopako beste final bat jokatzeko sailkatu izana. Oraindik gogoan dut Valentzian, beste edozein zalek lez bizi izan nuen aurreko, 2009ko, final hura.

Entrenatzea, nire beste grina handia
Nire futbol-ibilbidean asko lagundu didan beste gauza bat, entrenatzaile jardutea izan da. Santutxu FCeko lehenengo urteko Kadeteetan jokatzen nenbilela hasi nintzen entrenatzen, 96ko belaunaldikoekin. Une hartan ume haiek 5 urtekoak ziren eta gaur egun, 10 denboraldiren buruan, belaunaldi horrekin berorrekin dihardut. Une ikusgarriak bizi izan ditut Taldea entrenatzen; baina, burura datorkidan lehenengoa, azken urteko Haur kategorian Bizkaiko Txapeldun eta Euskadin 3. geratu ginen urtea da. Egia esan, esker oneko berbak bakarrik ditut entrenatu ditudan mutil guztientzat eta haien senideentzat.

Prestakuntza, funtsezkoa
Hori guztia, ikasketak baztertu barik. Batxilergoa amaitu ostean, TAFAD (goi teknikaria eta kirol- eta soinketa-jardueretako sustatzailea) titulua ateratzea lortu nuen, Santutxu taldean jokatu nuen azken denboraldian eta Sestao River-ekoan; ikasketa horiek, gero, 1 Maila entrenatzaile-tituluarekin osatu ditut, eta hala jarraituko dut, 3 Maila teknikariarena atera arte.

Ea, bada, nire biografia hau, Klub handi honetan bizi asmo ditudan beste une magiko askorekin joritzen joan ahal dudan!


   

Pie
Hasi Biografia Bideoak Argazkiak Prentsa Nire txokoa Campusa Elkartasuna Web adiskideak
                 
              © Acción Sport S.L. Lege oharra